ehunmilaken korrikalari, boluntario, lagun, laguntzaile eta babesle estimatuak:

Aurreko urteetan data hauen inguruan ehunmilak proiektuko 3 probak iragarri eta izena emateko epea ireki ohi izan dugu.

Aurten, ordea, ehunmilak Ultra-Trail, goierriko2haundiak Trail eta marimurumendi Marathon proben zuzendaritza- eta antolaketa-batzordea osatzen dugunok, aholkatzen gaituen mediku taldearen gomendioarekin bat eginez, 2021ean hiru probak ez egitea erabaki dugu.

Komunikatu honetan, horretara eraman gaituzten arrazoiak azaltzen saiatuko gara.

Sorreratik, korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna eta lehiaketaren kalitatea izan dira ehunmilak proiektuaren oinarrizko bi printzipioak. Zoritxarrez, gaur egun bizi dugun egoerak eta etorkizunean aurreikusten dugunak zaila egiten dute bi printzipio horiek betetzea.

Urte zaila

Aurtengo martxoan, 2020ko edizioa bertan behera uztea erabaki genuen. Orduan, orain bezala, COVID-19ak eragindako ziurgabetasun maila ikaragarria zen. Gertaerek erakutsi dute garaiz hartutako erabaki hura zuzena izan zela.

Orain antzeko egoera bati aurre egin beharrean gaude. 2021eko edizioari buruz asko hausnartu behar izan dugu. Pandemiak hor jarraitzen du, bere gorabeherekin, eta, itxura guztien arabera, oraindik ere gurekin jarraituko du.

Erantzukizun kolektiboa

Une batez, edizio berri bat ospatzeko daukagun gogo eta ilusio handia alde batera utzi eta bizi dugun egoerari buruzko hausnarketa sakona egin dugu. Gu ere gizartearen parte gara eta gizartearekiko erantzukizunagatik, ehunmilak ez dela ospatu behar uste dugu. Pandemiak berak, aurretik eraman dituen pertsonekiko oroitzapenak eta kalte handiagorik eragin ez dezan egunero-egunero borrokan ari direnekiko elkartasunak, arduratsuak izatea eta beharrezkoak ez
diren arriskuak ez hartzea eskatzen digute.

Garai hauetan, gure laguntza osoa eskaini behar dugu arazorik ez dagoen tokian arazorik ez sortzeko. Bolada batean, agian, mendiaz beste modu batean gozatzea tokatuko zaigu, ehunmilak bezalako lehiaketa batek ematen duen gogo, berotasun eta zirrararik gabe.

Ziurgabetasuna

ehunmilak proiektua ez da zorte onaren edo zoriaren menpe utz daitekeen kirol-ekitaldi bat. Beste hitz batzuekin esanda, ezin dugu inskripzio bat ireki, ilusio bat elikatu eta proiektu baten antolaketa-makineria guztia martxan jarri azken unera arte egin ahal izango den jakin gabe.
Nahiago dugu lasterkariei itxaropen faltsurik ez ematea eta 2021erako plangintza ez baldintzatzea.

Egungo pandemiak ez dirudi epe motz-ertainean konponduko denik. Horren aurrean, uste dugu hobea dela proiektu bat ez antolatzea, antolatu eta, azkenean, bertan behera utzi behar izatea baino; bigarren kasuan antolakuntzari eta korrikalariei eragingo bailieke.

Segurtasuna beste ezeren gainetik

Ez dugu ahaztu behar ehunmilak proiektuak milaka pertsona biltzen dituela, besteak beste, zaleak, korrikalariak, haien senideak, boluntarioak, osasun-langileak eta hiru lasterketei laguntza ematen dieten era guztietako teknikariak. Horri gehitu behar zaio lurralde zabala eta ibilbide luzea. Argi dago zein zaila eta konplexua izango litzatekeen pertsona horien guztien osasunean eragina izan dezaketen aldagai guztiak eraginkortasunez identifikatzea eta
kontrolatzea. Oso zaila da segurtasuna erabat bermatzea eta are gehiago segurtasun hori antolakuntzaren ardura ere badela ulertzen dugunean.

ehunmilak esentzia

ehunmilaki eskaintzen zaion mimo eta xehetasun mailarekin kirol-ekitaldi bat antolatzea berez neketsua da. Horrez gain, gaur egungo pandemiak aldaketak egitea eta prebentzio-neurri zorrotzak hartzea eskatzen du.

ehunmilak ospatuko balitz, antolakuntza taldekideon iritziz ez luke ehunmilak proiektuaren esentziarik izango. Horregatik, ez gaude prest ditugun baloreak alde batera utzi eta lasterketa soil bat antolatzeko.

2022ko ediziora arte!

Ekaitzaren ostean itsasoa beti baretzen da. Horregatik espero dugu boluntario, laguntzaile eta babesle guztiak gurekin jarraitzea hurrengo edizioetan. Pozik ikusiko zintuzkegu, onik eta osasuntsu, 2022ko edizioan!

ehunmilak antolaketa-batzordea