Ariketa fisikoaren fisiologiaren barnean dagoen eztabaidarik sutsuenetako bat nekearen ikerketa eta ezagutzan oinarritzen da. Hainbat teoria eta modelo fisiologiko ezberdin daude guri nekea eragiten diguten eta gure muga fisikoak harrapatzea eragiten diguten faktoreak zeintzuk diren azaldu nahi dizkigutenak.
Ultraerresistentziako probek, dauzkaten ezaugarriengatik, aukera ezin hobea eskaintzen digute prozedura fisiologikoei buruz azterketak egiteko, izan ere, gure gorputza bere mugetara bultzatzen dugu horrelako probetan. Modu oso errazean defini ditzakegu neke mota ezberdinak.
Batetik, neke zentrala daukagu. Hori nerbio sistema gunean kokatzen da eta muskuluen uzkurdura edo kontrakzioak sortzen, mantentzen eta kontrolatzen dituzten mekanismoez arduratzen da. Bestetik, neke periferikoa gure giharretan sortzen den nekeari deritzo. Neke zentrala iraupen luzeko ariketetan sortu ohi da edo egindako esfortzuen pilaketaren ondorioz. Neke periferikoa, aldiz, esfortzu labur eta intentsuagoetan sortzen da. Neke mentalari buruz ere hitz egin genezake, baina oraindik ere ezezagunak dira berori sortzen duten mekanismoak.
Lokomozio-muskuluetako nekeari buruzko ikerketek erakutsi dute neke zentralak eragin handia duela hanketako indar galerarekin iraupen luzeko proba baten ondoren. Baina gure hankak ez dira ordu luzeetan gogor lan egiten duten bakarrak iraupen luzeko esfortzua eskatzen duen ultratrail batean. Badira gorputz-enborrean ditugun hainbat muskulu gure gorputzari egonkortasuna ematen diotenak eta menditik zehar goazenean gure gorputzari eusten diotenak. Baina ez dira horiek gaur aipatu nahi ditudan giharrak.
Jarraitu aurretik galdera oso erraz bat. Zeintzuk dira arnasketa-muskuluak edo arnasketa gauzatzen laguntzen diguten muskuluak? Arnasketa-muskulatura batez ere diafragmaz osaturik dago, baina badira beste muskulu batzuk ere arnasketan parte hartzen dutenak, besteak beste, eskalenoak, esternokleidomastoideoak eta saihetsartekoak.
Bitxia da muskulu horiek hain garrantzitsuak izanda, orain arte hain arreta gutxi jaso izana eta “mesprezatuak” izatea gizakion errendimendu fisikoa ikertzerako orduan. Badakigu arnasketa-muskulu horiek, gure gorputzeko gainontzeko muskulu guztiak bezala, nekatu egiten direla eta neke horrek gure errendimendua kaltetzen duela. Hala ere, ez da asko ezagutzen ultra baten ondoren arnasketa-muskulatura horrek jasaten dituen aldaketen inguruan, eta ez da ezagutzen sortutako neke hori neke zentralak edo periferikoak sortua den.
Egindako ikerketa interesgarri batean ultratrail batek arnasketa-muskulaturan nekea zerk sortzen duen eta neke horrek duen eragina neurtu nahi izan zituzten. Horretarako Mont Blanceko ultratrailean parte hartu zuten eskarmentu handiko 22 partaide ebaluatu zituzten. Zientzialari suitzarrek korrikalari horien parametro kopuru bat neurtu eta ebaluatu zuten, bai lasterketa hasi aurretik, bai lasterketa amaitu ondoren. Kontuan hartzekoa da lasterketak 110 km eta 5.862 metroko desnibel positiboa dituela.
Ikerketa honetako emaitzarik interesgarriena da ultratrail baten ondoren arnasketa-neke handia atzeman zela, arnasketa-muskuluetako indar baloreak asko jaitsi baitziren lasterketaren ondoren. Datu oso garrantzitsua da muskulu horietan atzemandako indar-maila jaitsiera hori askoz ere handiagoa izan zela intentsitate handiko eta iraupen motzeko esfortzuetan baino.
Ikerketa honen ondorioak dira batetik ultratrail proba batek arnasketa-muskulaturaren indarra gutxitzen duela, eta, bestetik, gertatutako indar galera hori neke muskular periferikoaren ondorioa dela, eta ez hainbeste neke zentralarena. Ondorio horiek guztiak oso bestelakoak dira hanketako muskuluetan egindako ikerketen emaitzekin konparatuz.
Eman dezakegun mezu praktikoa da arnasketa-muskulaturak garrantzia oso handia duela gure kirol errendimenduan, eta, ondorioz, beharrezkoa dela muskulatura hori behar bezala egokitzea ahalik eta errendimendurik onena lortu nahi badugu.
Zalantzarik gabe, ultratraila proba nahikoa gogorra da gure arnasketa-muskuluak kaltetzeko, eta, ondorioz, sortutako neke horrek arriskuan jar dezake gure kirol- errendimendua.
Badira merkatuan gailuak muskulu hauen entrenamendu espezifikoak egiteko. Gailu oso sinpleak dira arnasketa-muskulatura entrenatzeko. Entrenamenduaren ondorioz gure arnasketa-muskuluak indartsuagoak eta erresistenteagoak izatea lortuko dugu, modu horretan nekea atzeratuz. Arnasketa-entrenamendu hori are baliagarriagoa izango da tarteka ariketa fisikoa egiterakoan arnasketa zailtasunak izaten dituzten pertsonentzat, esaterako, asmatikoak edo beste arnasketa arazo batzuk dituztenentzat.
Oraindik oso gutxi dira muskulu hauen entrenamenduari arreta eskaintzen dioten entrenatzaile eta kirolariak, nahiz eta zientifikoki frogatu den beren garrantzia.
Aitortzen dut nire idatzi hau ohikoa baino teknikoagoa (aspergarriagoa?) izan dela, baina garrantzitsua iruditu zait informazio hau zuekin elkarbanatzea. Norbait materia honetan gehiago sakontzeko eta gai honi buruz gehiago jakiteko gogoz balego, nirekin harremanetan jarri besterik ez dauka, gustura asko lagunduko baitiot.
Horretaz ari garela, dagoeneko udaberrian gaude, alergia motaren bat (polena, gramineak eta abar) jasaten dutenentzat garairik txarrenetako batean. Uste dut informazio honek lagun diezaiokeela pertsona horiei.
Agur bat eta apiril arte!
Jon Aranburu
Twitter:@Mitocondrion