Neure buruari egiten diodan galdera da ea zenbat emakumezko izaten diren nire hileroko sarrera hau irakurtzen dutenak. Oro har, trail lasterketetan, eta batez ere, ultra lasterketetan parte hartzen dutenen kopurua ikusita, ez dut uste asko izango direnik. Dena den, gustatuko litzaidake pentsatzea irakurle horien guztien artean badagoela emakumeren bat, oraindik pausoa eman ez arren, noizbait kuriositatea sentitu duena, eta zergatik ez, horrelako erronka erakargarri eta gozagarri batean parte hartzeko gogoa sentitu duena.

Ederra litzateke emakume horietakoren bat lerro hauek irakurtzen egotea, hilabete honetako sarrera hau beraientzat baita.  Emakumeen txanda da. Ez naiz ezer berria esaten ari azken urteotan kirolen bat edo ariketa fisikoa erregularki egiten duten emakumeen kopurua nabarmen handitu dela esatean. Nahiz eta oraindik partaide kopurua gizonen parte hartze kopurutik oso urrun egon, ukaezina da gogortasun handiko probetan parte hartzera ausartzen den emakume kopurua etengabe haziz doala. Hala ere, emakumeen partaidetza maila oso murritza da ultratrail munduan.

Baina zein da emakumeek duten potentziala eskakizun fisiko handiko erronkei aurre egiteko? Ba al dago arrazoiren bat emakumeei ultratrailen erronkei aurre egiten uzten ez dienik? Beste ezeren aurretik, kontuan hartu beharreko emakumeen berezitasunei buruzko gogoeta batzuk  aipatuko ditut  , eta horiek nola eragiten dieten kirola egiterako orduan.

Alde batetik, hormona mailari dagokionez, emakumeak sentikorragoak edo sentsibleagoak dira intsulinarekiko. Horrek emakumeei nutrizio mailan gizonezkoek baino karbohidrato gehiago hartzea ahalbidetuko lieke, eta ondorioz, ariketa fisikoa intentsitate jakin batean egiteko beharrezko erregaia den glukogenoaren erreserba handiagoak izatea. Emakumeek, gainera, daukaten estrogeno kopuru handiagoagatik gai dira gorputzean gantz gehiago pilatzeko. Intentsitate berean, emakumeak gai dira gantz kopuru handiagoa erabiltzeko. Eta ezin dugu ahaztu gantzak direla funtsezko erregai egin beharreko distantzia zenbat eta luzeagoa izan. Gaitasun hori dela eta, gizonezkoak baino glukogeno gehiago erreserbatzeko gai dira. Gogoratu glukogenoa dela ariketa fisikoaren intentsitatea handitu nahi dugunean erabiliko dugun erregaia, adibidez, malda handiko aldapetan korrika egitean.

Beste aldetik, emakumeek testosterona maila baxuagoak dituzte, eta horrek gihar edo muskulu-masa txikiagoa izatea eta hemoglobina kopuru txikiagoa edukitzea dakarkie. Horrez gain, bihotzaren tamaina ere txikiagoa daukate, eta ondorioz, odol-ponpaketa txikiagoa daukate eta giharretara beharrezkoa duten oxigeno gutxiago iristen zaie. Gainera, emakumeek kontrakzio edo uzkurdura azkarreko zuntzen portzentaje txikiagoa dute (distantzia luzeko probetan ez oso faktore garrantzitsua), globulu gorri gutxiagoren produkzioarekin batera, eta horregatik gaitasun gutxiago dute oxigenoa xurgatzeko gizonezkoek baino. Faktore horien guztien metaketak gizonezkoek emakumeekin alderatuz abantaila aerobiko ukaezinak edukitzea eragiten du.

Gizonezkoek abantaila mekanikoa lortzen dute hezur luzeagoak edukitzeagatik. Hala ere, azpimarratu egin behar da emakumezkoen artikulazioak  malguagoak direla eta horrek mugimendu tarte handiagoa ematen diela. Gainera, emakumezkoen artikulazioen gainazalak handiagoak dira, eta modu horretan, giharrei eusteko ainguraketa hobea egin dezakete. Horrek, pelbisaren zabalera handiagoa eta grabitate-zentrua baxuago dutela kontuan izanda,  egonkortasun handiagoa ematen die emakumeei artikulazio horretan.

Lesioei dagokienez, emakumezkoek joera handiagoa edukiko lukete lesioak izateko sorbaldetan eta belaunetan, artikulazio horietan indar gutxiago izateak artikulazio horietan ezegonkortasun handiagoa eragingo lieketelako. Dena den, desabantaila hori ez da gaindiezina, emakumeek desabantaila hori irauli baitezakete giharren indartze lan egokia eginez.

Emakumezkoen garaiera baxuagoak eta hanken luzera txikiagoak pausoaren murriztea eta maiztasuna handitzea dakartza gihar mailan inpaktu gutxiago eraginez, batez ere maldan behera jaistean, eta horrek giharretako neke gutxiago eta neke hori atzeratzea lekarke, eta hori funtsezko faktorea da  desnibel handiko eta iraupen luzeko probetan.

 

elenaErresistentzia fisikoa gure gorputzak kaloriak energia bihurtzeko daukan eraginkortasunean oinarritzen da. Denboran zehar emakumezko eta gizonezkoen errendimendu desberdintasunak aztertu dituzten ikerketak ikusten baditugu, nabari daiteke azken urteetan emakumezkoek murriztu egin dutela gizonezkoekiko errendimendu desberdintasuna emakumeen partaidetza nahiko altua den distantzia luzeko probetan. gantza eta glukogenoa bezalako erregaien erabilera eta aurrezte diferentziak arrazoi izan daitezke pentsatzeko emakumeak hobeto prestatuta egon litezkeela gizonak baino aurrezte hori eta eraginkortasun energetikoa funtsezkoak diren probetan. Horrez gain, emakumeen gorputzak azalera eta tamaina txikiagoa edukitzeak eragiten duen beste abantaila bat da giro heze eta beroak hobeto jasatea gainberotze txikiagoaren ondorioz, eta ezin dugu ahaztu hezetasuna eta beroa ingurumen-baldintza oso ohikoak direla ultretan.

Hori guztia gutxi balitz, badaude ikerketak erakusten dutenak emakumeak hobeak direla lasterketa-erritmoa aukeratzeko orduan, eta aukeraketa ona egitea ezinbesteko ezaugarria da errendimendu ezin hobea lortzeko. Gainera, badirudi emakumezkoek beren buruarengan konfiantza handiagoa dutela gizonezkoek baino, eta exijentzia handiko erronka bati aurre egiterakoan dituzten euren mugen jakitun direla, izan ere, gizonezkoei euren maila eta gaitasunak gehiegi estimatzea egozten zaie.

Aipatutako guztiari emakumeek euren sexuak dituen gaitasunak erakusteko duten gogo eta borondatea gehitzen badizkiogu, argi gelditzen da oso oparoa dela muturreko kiroletan emakumezkoek duten etorkizuna. Zentzu horretan, ez dira arraroak postu bikainak lortuz emakumeek izandako partaidetza  arrakastatsuak. Ez dirudi erresistentzia errendimendua mugatzen duten laktato atalaseak eta lasterketa ekonomiak emakumearen aurka egiten dutenik. Ultrafondoko probetan hainbat kasu daude emakumeek gizonen errendimenduak gainditu dituztenak, nahiz eta proba laburragoetan gizonen errendimendua hobea izan. Badira, gainera, zenbait iritzi iragartzen dutenak etorkizunean ultraerresistentziako proba garrantzitsuetan emakumeek garaipena lortuko dutela.

Egia izan ala ez, badirudi emakumezkoek bidea libre dutela datozen urteetan gizonekiko daukaten errendimendu desberdintasuna murrizten joateko, baldin eta emakumeen partaide kopurua haziz joaten bada. Nire aldetik, oso pozik geratuko nintzateke irakurleen artean emakumeren bat balego, eta idatzitako gogoeta hauek lagunduko baliote pausua eman eta ehunmilakeko edozein probatan parte hartzen. Ikusten duzuen moduan, etorkizuna zuena da!!

Osasuna eta trail ugari denontzat!!

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com

Twitter: @MitocondrION