Dagoeneko urtarrilean gaude, eta azken urteotan bezala, denboraldi berriari ekiteko unea da, ehunmilak, g2h eta Marimurumendi probak jomugan jarrita. Espero dut zuen laguntza izango dudala zuekin elkarbanatu nahi dudan hausnarketaz beteriko bide honetan.

Aurrez egindako nire idatzietako batean arreta eskaini nion ultratrail baterako prestatzeak suposatzen duen erronkari. Zalantzarik gabe, nahiz eta mota honetako probak izaten ari diren hazkuntza eta partaide igoerak oso garrantzitsuak izan, ez ditugu ahaztu eta gutxietsi behar mota honetako proba baterako ongi edo behar bezala  prestatzeak eskatzen dituen esfortzua, denbora eta sakrifizioa.

Ohikoa da planteatzea zer den beharrezkoa ultratrail bat prestatzeko. Zenbaterainoko dedikazio-maila eskatzen duen eta zein modutan antolatu beharko dugun gure eguneroko bizimodua eta prestaketarako behar dugun denbora eta energia nondik aterako ditugun, ez entrenatzeko bakarrik, baita prestaketa ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko ere. Kasu askotan prestaketa gure eguneroko bizitzako ardatz bihurtzen da, eta, ondorioz, horren baitan antolatzen ditugu gainerako faktore guztiak. Horregatik, niri entrenatzaile gisa ultratrail munduan barneratu nahi dutenek gehien egiten didaten galdera da proba behar bezala prestatzeak zer suposatuko dien eta hori eraman ahal izateko gai izango ote diren.

Denboraldi berriari hasiera ematen dion idatzi honetan egoera hori irauli nahi dut. Ultratrail bat prestatzeko behar diren kontuez aritu beharrean, gustatuko litzaidake hitz egitea mota horretako erronka bati aurre egitea erabakitzen dutenei zer suposatuko dien. Zer lortuko dugu prestaketako hilabete horietan? Zertan eragingo digu eta zer modutan?

Lehendabizi, ezin dugu ahaztu ongi antolatutako entrenamenduak modu eraginkorrean aktibatzen dituela gure garuneko hainbat zati, alertan mantenduz eta garunaren jarduerak garrantzi handia hartzen duen ekintzak hobeto eginez. Gainera,  ebidentzia asko daude kirola egiteak edozein adinetan funtzio kognitiboak hobetzen dituela erakusten dutenak.

Garbi dago gaur egun ariketa fisikoa sarri egiteak hainbat onura dakartzala. Alde batera utzita gure egoera fisikoan eragiten dituen hobekuntzak (bizi-kalitatea hobetu, ongizatea ekarri eta kirol-errendimendu zorrotzagoak eskatzen dituzten kirol erronkak planteatzeko aukera eman), ariketa fisikoa metodo oso eraginkorra da diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa eta osteoporosia moduko gaixotasunak saihesteko eta tratatzeko. Kontuan hartzen badugu ultra-erresistentziako entrenamenduak denbora asko eskatzen duela ariketa fisikoa egiten, logikoa dirudi pentsatzea modu horretan gaixotasun garrantzitsuen aurkako babesgarri garrantzitsua eraikitzen arituko garela.

Ultra-erresistentziako entrenamendua oso erreminta ona da gure itxura fisikoa mantendu eta hobetzeko. Horrez gain, gorputza osasuntsu mantentzen lagunduko digu, eta ezin dugu ahaztu itxura fisiko osasungarria edukitzea oso faktore garrantzitsua dela pertsona askorentzat, izan ere, pertsona horiei beren gorputzarekin ongi sentitzeak segurtasun handiagoa ematen die bizitzako beste hainbat arlotan moldatzeko. Horrez gain, mendian korrika egitea bezalako aktibitate atsegina praktikatzea estresari aurre egiteko terapiarik onena izan daiteke.

Baina oinarritu gaitezen ezaugarri ez fisikoetan, baina pertsona gisa gure identitatearen zati direnetan. Gure muga fisikoetara gerturatzen garenean, eta hori geure borondatez eta erabakiz egiten dugunean, gure gorputzari ez ezik beste zerbaiti ere forma ematen diogu. Izan ere, forma ematen diegu geure buru eta izpirituei. Hori ez da nik esana (ziurtatzen dizuet psikologia ez dela nire arloa), zientzia asko baitago esfortzu eta ariketa fisikoak gure jarrera eta gure izateko nahiz jokatzeko moduetan duen eragina aztertu duena. Desafiotzat jotzen dugun erronka bati aurre egiteak epe luzerako hobekuntzak ekar diezazkiguke.

Proban jartzen gaituzten egoerei aurre egiteak deseroso sentitzen garen egoeretan eroso sentitzen ikasten laguntzen digu. Horrek, bizitzan estresagarriak diren beste hainbat faktoreri aurre egiteko mekanismoak sortzen dizkigu  gure barnean.. Erosotasuna lehentasuna den mundu honetan, egoera txarrei aurre egitera eta gure bertsiorik onena erakustera behartzen gaituzten probek sufrimendua praktikatzeko aukera arraro bezain hobezina ematen digute. Sufrimendu hori gertatzen denean erlaxatzen jakitea ezaugarri erabakigarria izan daiteke, eta desberdindu egin ditzake kirolari arrakastatsu bat eta beste edozein.

Une zailak iristen direnerako egindako entrenamendu prozesuak eta prestaketak erakutsi egiten digute guk geuk kontrola ditzakegun gauzak perfekzionatzen. Modu horretan, ez dugu energiarik gastatuko kontrolatu ezin ditugun gauzetan. Une zailak entrena daitezke, eta horren emaitza da berriro etortzen zaizkigunean hain zailak ez egitea edo iruditzea. Dena den, ultratraila moduko kirol-erronka baterako prestaketak eta entrenamenduak balio beharko liguke emaitzen gainetik prozesuan eta prestaketan oinarritzeko. Arreta handia jarri zuen ilusioa betetzeko eta zuen helburua lortzeko egin dezakezuen horretan guztian, eta ez zaitezte itsutu amaierako emaitzarekin.

Entrenamendua ez dago (eta ez luke egon behar) porrot txikietatik eta une zailetatik salbu, non galtzaile izan garen sentsazioa izan baitezakegu, baina porrot horiek balio handiko aukera dira informazioa jasotzeko. Informazio hori guri buruzkoa izango da. Zailtasun handiko egoera errealekin elkarbizitzea eta beraien aurrean amore ematea etorkizunean arrakastara eramango gaituen  antidotorik onena izan daiteke. Geure bertsiorik onena lortzeko beharrezkoa da gure aurreko bertsioekin neurtzea. Norberaren garapena eta gainditze pertsonala sentsaziorik atseginenetako batzuk dira mugak hausteko irrikaz dagoen kirolari batek (edo edozein gizakik) bizi ditzakeenak.

Ultratrail batean parte hartzeko erronka, maila edozein dela ere, aukera ezin hobea da geuregan sinesteko. Baina geure buruarengan sinesteko eta konfiantza izateko, aurre egin behar diegu ultratrail batean uneoro aurrean izaten ditugun beldur eta zalantzei.

Ultratrail baten prestakuntzaren bidean lagunduko digun beste faktore bat bizimodu ohitura osasungarriagoak hartzeko aldez aurretiko jarrera ona eta erraztasuna dira. Horrez gain, funtsezkoa izan daiteke arlo pertsonalean eduki ditzakegun kolpeak autogestionatzeko eta arazo guztien aurrean ihesbide bat izateko.

Ez daukat zalantzarik beste hainbat onura daudela, aurrez aipatu ditudanez gain, gure pertsonalitatea eta bizitzaren aurrean dugun jarrera garatzen laguntzen digutenak. Horietako asko ezkutuan daude guk geuk aurki ditzagun, eta gure esperientzia emozionalak aberastuko dituzte, baina orain zuei dagokizue ibaia gurutzatu eta beraien bila joatea.

Jon Aranburu

Twitter:  @Mitocondrion

www.joanarnburu.com