Ezin da ukatu lasterketan parte hartuko dutenek gure ingurunea ezagutzeko aukera aproposa dutela. Lasterketak Gipuzkoako bihotzeko lau eskualdetako mendiak igarotzen ditu: Goierri, Urola, Debabarrena eta Tolosaldea. Aralarko eta Aizkorriko parke Naturalez gain eskualde eta herriek hainbat aukera eskaintzen dituzte, monumentu historikoetatik hasi eta interpretazio zentroetaraino.
Segidan eskaintzen dizugu Ehunmilak mendi lasterketak igarotzen dituen herri nagusienek dituzten turismo eskaintzak eta leku interesgarriak. Horrez gain informazio gehiago jaso nahi izanez gero ere web orrietarako loturak eskaintzen dizkizugu:
Igartza Monumentu Multzoa
Ehunmilak lasterketa Beasainen hasten da, bertan XVI. Mendeko monumentu multzoa aurki dezakegu: jauregia, dolarea, errota eta burdinola ditugu. Orain urte gutxi berritu dira lau eraikinak eta zalantzarik gabe Beasaina etorriz gero bisitatu gabe utzi ezineko ingurunea da hau. Horrez gain, herriaren erdiguneak azken bi urte hauetan berrikuntza nabarmenak izan ditu eta kale nagusia oinezkoentzat bilakatzeak paseorako leku ezin hobe bihurtu du.
Igartubeiti baserria
Ehunmilak lasterketako ibilbideari jarraituz, Beasaingo lurretatik Ezkiorako bidean eskuinaldera begiratzen badugu Arriarango urtegia aurki dezakegu. Bidean aurrera segituaz, Ezkiko lurretan dagoen Kizkitzakoamaren ermitaren aldamenetik igaroko gara. Ez da oso ohikoa baina ermita honetan itsas argi bat aurki dezakegu. Diotenez itsasontziak gidatzeko erabiltzen omen zen. Ermitaz gain ordea, Ezkiok badu zer bisitatua eta horren adibide da bertan aurki dezakegun XVII. Mendeko Igartubeiti baserria. Baserriak jatorrizko zurezko egitura oso ongi kontserbaturik dauka eta hau dela-eta, sagardorako dolarea ere kontuan hartuta, Euskal Herriko baserririk interesgarrienetako bat dela esan dezakegu.
Antioko baseliza
Ezkiotik Izaspi mendira abiatuko gara. Gaina egin ondoren Zumarragako herrigunera abiatuko gara. Herrira iritsi aurretik ordea Antioko baseliza aurkituko dugu. Baseliza hau ezaguna da duen egurrezko sabaiagatik. Horrez gain herrigunean bertan ere baditugu zenbait eraikin bisitatzea merezi dutenak: udaletxea, Euskadi plaza, Migel Lopez Legazpiren dorretxea eta estatua eta abar. Zumarragarekin muga eginez Urretxuko herria aurkituko dugu. Kristautasunaren zerikusia duten hainbat eraikin ikusgarri aurki ditzakegu bertan (San Martin de Tours-en eliza, Santa Barbarako ermita) baina horiez Urretxuko leku adierazgarrienetakoa da Urrelur; mineral eta fosilen museoa. Lasterketako ibilbidearekin jarraituz herrigunetik aldendu eta Irimo mendira bidean goazela orain gutxi eraiki berri den Urretxuko aterpetxea bisita ditzakegu eta nahi izanez gero baita aterpea hartu ere.
San Pedro parrokia
Zumarragatik Irimo mendia igo ondoren Bergarako lurretan sartuko gara. Hemen herriaren ikur den XVI. Mendean eraikitako San Pedro parrokia aurki dezakegu. Herriko kaleetatik barrena goazela laster ohartuko gara Bergarak oraindik garai hartako kaleen egitura mantentzen duela. Horren erakusgarri dira aurkituko ditugun hainbat eraikin: Arostegi etxea, Arrese etxea, Errotalde jauregia, epaitegia, Irizar jauregia, Olaso dorrea eta bar luze bat.
Idiakez dorrea
Bergarako Elosua auzotik igaro ondoren Azkoitiako lurretan sartuko gara. Lasterketa herrira jaisten ez bada ere. Merezi du herritik buelta bat ematea. Herriaren erdi erdian aurkituko dugu herriaren adierazgarri den etxe beltza: Idiakez dorrea.
Loiolako Inazioren santutegia
Ehunmilak lasterketako ibilbideari jarraituz, Elosutik Azkoitiako Azkarate gaina eta Madariaga auzoak igaro ondoren Izarraitz mendikatera iritsiko gara. Lasterketak mendilerro honetako gailurretarako igoko ez bagaitu ere, bertako aterpetxearen ondotik pasako gara. Aterpetxean beti izango dugu atseden hartu eta mokadutxo bat egiteko aukera. Indarrak hartu ondoren Azpeitirantz abiatuko gara. Aldapan behera goazela eta eguraldi onarekin Azpeitiko herria ikus dezakegu. Lehen begiratu horretan ederki ikus dezakegu Loiolako Inazioren santutegia. Urrundik begiratuta zalantzarik gabe bertaratzeko gogoa sartuko zaigu. Santutegia bertatik bertara ezagutzera inguratuz gero harriturik geratuko gara bai santutegi barruan dagoen XIV. Mendean eraikitako dorretxeak eta baita santutegia beraren kupula eta arkuak. Azpeitiak ordea, santutegiaz gain baditu bisitatzeko hainbat leku interesgarri, alde zaharra, Lasaoko trenaren museoa eta abar.
Lasterketak ere Azpeitian atseden hatzen du eta indarrak hartu ondoren berriro aldapa gora abiatu eta Tolosa alderantz abiatuko gara. Tolosara iritsi aurretik ordea Urola eta Tolosaldea bailarak batzen dituzten herrixkak aurki ditzakegu: Errezil, Bidania, Albiztur… Gipuzkoa barnealdeko herrixka hauetan aurki dezakegu herria handiek ematen ez diguten lasaitasuna eta sosegua.
Ibilbidea mendi bidetatik doa eta arestian aipatutako herriei goitik behera begiratuko diegu. Erniopuntatik igaro ondoren beherantz jarraituta Tolosara iritsiko gara. 1844-1854 urteen artean Tolosa izan zen Gipuzkoako hiriburu. Tolosaren historian herriguneak behin baino gehiagotan su hartu badu ere oraindik egoera onean mantentzen du bere alde zaharra. Sei kale paraleloz osatutako alde zaharra. Azkenaldian Tolosa ezagun da antolatzen dituen ekitaldi eta azokengatik: abesbatza lehiaketa; Txontxongilo jaialdia; babarrunaren, txuletaren eta gozoen azokak.
Ehunmilak lasterketak Tolosan aurkituko du atseden luze bat hartzeko lekua, horniketa gune garrantzitsua, atseden lekua, dutxak… Indarberrituta irtengo gara atsedenlekutik eta berriro aldapa gora ekingo diogu.
Abaltzisketa Larraitz
Altzoko erraldoiari diosala egin ondoren Amezketarantz abiatuko gara. Bertan, parez pare aurkituko dugu oraindik igotzeko geratzen zaigun eta Gipuzkoako mendietan ezagunena den Txindoki. Amezketan indarrak hartu eta Aralar Parke Naturalekosarbide garrantzitsuenetako den Larraitza habiatuko gara. Bertan, Txindokiko Itzala abentura parkea aurki dezakegu. Hemen, zuhaitz parkea eta ingurune paregabean kirol mota ezberdinak egiteko aukera ezin hobea duzu. Larraitzko atsedenlekua alde batetara utzi eta Aralarko mendilerroan murgilduko gara. Inguruko abereen bazkaleku den ingurune honetan zelai berdeetaz gozatu ahal izango dugu. Honakoak dira mendilerro honetan aurki ditzakegun mendirik esanguratsuenak: Txindoki, Ganbo, Balerdi, Hirumugarrieta, Putterri eta hain garaiak ez diren hainbat mendi tontor.
Joxe Miel Barandiaran Museoa
Zelaiaren berdea atzean utzi eta Aralar Parke Naturaleko basoetan sartuko gara. Bide horretan Lareoko urtegia aurkituko dugu. Hemendik behera, Lizarrustira iritsiko gara. Lizarrustiko parketxea Ataungo udalerriaren barruan kokatzen da. Gipuzkoako udalerri luzeena den hau ezagun egin da bertako seme izan zen On Joxe Miel Barandiarengatik eta honek utzi zituen lanengatik. Joxemiel apaiza, antropologoa, etnologoa eta arkeologoa izan zen. Ezagunak dira Aralarren aurkitutako eraikuntza megalitikoen zerrenda eta euskal mitologia zabaltzeko egindako lana. Bere bizitza eta egindako lanak ikusgai daude Ataunen ireki duten museoan.
Aralarko interpretazio zentrua
Aralar eta Aizkorriko parkeak batzen dituen Lizarrustiko interpretazio zentroa, jatetxea, aterpea dituen eraikina. Lizarrusti Parketxeak eta inguruneak zerbitzu eskaintza zabala du. Badu aterpetxe funtzioa betetzen duen atala, talde zein banakoentzat irekia. Eta badu ere taberna zein jatetxe zerbitzua, bertaratzen den edonorentzako atsedenaldia egiteko aukera eskaintzen duena. Inguruan mendira doan edonorentzat aparkalekua, iturri, jolastoki eta atseden-gune modura mahai eta eserlekuak ditu.
Bertan kokatzen da Aralarko Interpretazio Zentroa ere, Aralar Parke Naturalean barneratzen diren baliabide natural eta kulturalen izatea eta kudeaketa egokia azaltzen direlarik bertan. Aralarko baliabide naturalen ezagutza naturarekiko errespetua landuz, habitat edo ekosistema desberdinak bereizten ikastea eta beraien egokitasun maila aztertzen jakitea, eta oro har ingurunea ezagutu eta bere egoera ebaluatzeko gaitasuna jorratzea da interpretazio zentroaren helburu nagusia.
Lizarraustitik irten eta pagadi zabalak zeharkatuz iritsiko gara Etxegaratera. Hau ere nafarroa eta Gipuzkoa arteko pasabide garrantzitsuenetakoan dago, zehazki Idiazabal herrian. Idiazabal azken urte hauetan ezaguna egin zaigu Euskal Herriko mendietan bazkatzen duen latxa ardiaren esnearekin egindako jatorri izendapeneko gaztaren ekoizpenagatik. Herriaren erdigunean aurki dezakegu artzaintzari eskainitako museoa ere.
Etxegaratetik mendia alde batera utzi eta Zegamara jaitsi gaitezke. Hemen aurki dezakegu Aizkorriko-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroa, Andueza baserrian. Eraikin honetan egurrari eskainitako museoa ere aurki dezakegu eta baita Zegamako turismo bulegoa. Zegama herria ordea, lasterketa mundu honetan dabilenarentzat entzuna da mundu mailan ezaguna den Zegama-Aizkorri maratoiarengatik.
Mirandaolako burdinola
Aizkorri mendilerrotik Legazpiarako ingurune hau oso aberatsa izan da burdingintzarako eta horrexegatik Legazpi herria ere oso loturik dago mineral preziatu honi. Horren erakusgarri dira burdinaren haran honetan aurki ditzakegun meatzeak eta Mirandaolako burdinolak. Hemen burdinaren interpretazio zentroa aurki dezakegu.
Zeraingo herrian Burdinaren Mendiak meagintzaren aztarna interesgarri ugari gordetzen ditu: Aizpeako meategietako lurrazpiko galeriak, lokomotoraren errailak… Horiek guztiak ikus daitezke Aizpitta adieraztegian. Zeraindik Mutiloa herrira jaitsi eta Aipeako meategiek erabiltzen zuten trenbidetik barrena joango dira lasterkariak Ormaiztegira iristeko.
Ormaiztegiko eraikinik adierazgarriena herriaren gainetik igarotzen den 289 metroko eta 18.000 tona biltzen dituen zubia da. Eiffelen aurreko Alexander Lavalley ingeniariak egindako benetako maisu lana da. Zubiaz gain, Ormaiztegi ezaguna da bertan jaio zen jeneral karlistarengatik, Tomas Zumalakarregi. Herrian bertan aurki dezakegu jeneral karlista honi eskainitako museoa.
Gipuzkoa barnealdeko lau eskualdetatik pasa ondoren berriro bueltan gara Beasainen. Mendi bideak utzi eta kalera jaitsiko gara. Hemen amaiera emango diogu Ehunmilatako lasterketaren inguruan egin dugun ibilaldi turistiko honi.
Zuek ere informazio gehiago nahi izanez gero jo dezakezue eskualde bakoitzeko turismo bulegoetara: