Entrenamenduaren premisen barnean, garbi dago plangintza saihestu ezin den kontzeptua dela. Izan ere, abiapuntua da edo ondorengo garapen guztiaren sostengua da. Gaur egun, oso zaila da entrenamendua ulertzea helburu bat lortzeko aldez aurretiko esfortzurik gabe. Plangintza egiteak aurrez ezarritako urrats batzuk errespetatzea eskatzen du.

Ezer baino lehen, uste dut garbi geratu behar dela plangintza egoki batek ez duela bermatzen kirol-arrakasta edo norbere helburuak betetzen, baina ez dago zalantzarik horiek lortzen laguntzen digula. Edozein kirol-helburuk baldintza eta aldagai ugari kontuan edukitzea eskatzen du, eta horiek mugatu eta moldatuko dute jarraitu beharreko plangintza.

Ez diot inportantzia handiegia eman nahi plangintza egoki baten garrantziari, eta ez naiz hasiko entrenamendu plan batek nolakoa izan behar duen azaltzen, baina esatea gustatuko litzaidake plangintza egoki batek ez duela zertan oso zorrotza izan. Nire ustez, plangintza batek,  jarraitu nahi dugun bidea bistatik galdu gabe, irekia izan behar du eta malgutasun handia eduki gure beharretara eta bidean topatuko ditugun zailtasunetara ahalik eta ondoren egokitzeko. Uste dut plangintza bat oso estuki jarraitzeak bi aurpegi oso desberdin dituela, eta ondorioz, kirolariaren kontra joan daiteke, porrot sentsazioa, estresa eta neke psikologiko goiztiarra sorraraziz, erabateko kontrola ez delako posible edo aparteko esfortzua eskatzen dituelako.

Entrenamenduaren gutxi gorabeherako planifikazio tradizionalean, kontuan hartu beharko genituzke oinarrizkoak diren hainbat aspektu, esaterako, parte hartuko den lehiaketak eta horietarako jarrita ditugun helburuak. Ezinbestekoa da lasterketen egutegia eta proba horien ezaugarriei buruzko informazioa jasotzea egokienak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko eta ez diezaguten sorpresa desatseginik eman. Kontu handiz bigarren mailako lehiaketak programatzeak lagundu egingo digu psikologikoki nahiz fisikoki sasoi punturik onena harrapatzen. Interesgarria da, era berean, entrenamendu saio oso zehatzak programatzea saio oso luze edo espezifiko moduan (ultradistantziari buruz ari gara). Lehiaketek edo pisu handiko entrenamendu horiek  neke handia eragin diezagukete, eta komenigarria da baloratu eta kalkulatzea horietatik errekuperatu eta atseden hartzeko behar den denbora.

Horrez gain, gakoa izan daiteke lehiaketen ezaugarriak  (distantzia, desnibela, altuera, ordutegia, ibilbide mota, iraupenaren kalkulua eta abar) eta eguraldi baldintza ohikoak aztertzea (tenperatura, hezetasuna, haizea…) ezustekorik ez hartzeko eta baldintza horietara ahalik eta ondoen egokitzeko. Izan ere, aldagai horiek baldintzatu egin ditzakete egin nahi ditugun  lehiaketak, baita jarraitu beharreko entrenamendu motak ere. Beste aldagai batzuek ere gure entrenamendu eta lehiaketen planifikazio sistematikoan eragina dute, hala nola, anoak, elikadurak , hidratazioak, oinetakoek eta arropek.

Baina jar dezagun arreta entrenamenduaren periodizazioan. Periodizazio gisa ulertzen dugu entrenamenduaren planifikazio sistematikoa, eta horren bidez denboraldiko lasterketa garrantzitsuenetan ahalik eta errendimendu onena lortzea. Periodizazioak denboraldi bakoitza fase desberdinetan banatzea ahalbidetzen digu. Eta fase bakoitza faktore eta helburu ezberdinetan banatzen digu (bolumena, intentsitatea, maiztasuna, ariketa mota).

Gaur egun periodizazio eredu bat baino gehiago identifikatzen dira (tradizionala, polarizatua, alderantzizkoa, blokeka…) eta ez dira gutxi gure errendimendurik onena lortzeko horietako bakoitzaren eraginkortasuna neurtzeko egiten diren  ikerketak eta ahaleginak. Harritu egiten nau entrenatzaile askok etiketak jartzeko izaten duten burugogorkeriak eta euren plangintzak modelo horien ezaugarrietara ahalik eta zehaztasun handienez egokitzeko egiten duten ahaleginak. Izan ere, ni zurruntasun horretatik ateratzearen aldekoa naiz.

Bi hamarkada baino gehiagotan periodizazio horiek neure buruarekin eta beste kirolariekin probatzeko aukera eduki dut, batzuetan intentzio guztiz aldaketak sartzeko beharrak eraginda, eta kasualitatez, beste batzuetan. Hori egitean, nire jakin-mina asetzen saiatu naiz, senari kasu eginez (entrenatzaile edo kirolari batek inoiz ahaztu ezin duen zerbait), eta purista askorentzat sakrilegioa izango   liratekeen entrenatzeko moduak planteatuz.

Saiakera askoren ondoren, ezingo nituzke izendatu estrategia horiek alferreko moduan, baina ezta eraginkorrago edo hobe moduan ere. Urte hauetan guztietan zerbait frogatu ahal izan badut, hori da gure gorputzak duen gaitasun itzela ia edozein entrenamendu estrategiari erantzuna emateko.

Arraroa izan arren, entrenamenduaren teoriaren barruan gaur egun ukaezintzat jotzen dira duela denbora asko ezarritako kontzeptuak, ikerketak egiteko baldintzak orain daudenen aldean oso desberdinak ziren garaietakoak. Ez diot ospe-galtzerik egin nahi kirol-periodizazioari, baina entrenatzeko modu bat probatu duzunean eta ondoren justu kontrakoa egin duzunean, eta bi kasuetan emaitza oso ona izan denean, zeure buruari galdezka hasten zara ea ez ote garen  tematu dena aurrez ezarrita dagoen modelo baten barruan sartzen.

Oraintsu asko poztu nau entrenamenduaren periodizazioa zalantzan jartzen duen ikerketa bat ikusteak. Horren arabera, eredu asko zaharkiturik geratu diren oinarrietan geratu dira. Hori dela eta, ez dirudi erokeria zalantzan jartzea gaur egun zehatz jarraitzen diren entrenamenduaren kontzeptu eta lege batzuk. Zentzu horretan, harrigarria egin zitzaidan periodizazio berbera baina jarraian egindako  bi denboraldi desberdinetan egin zuten atleta batzuen errendimendua aztertzen zuen ikerketa. Entrenamendurako jarraibide berberak jarraitu arren,  erabat desberdina izan zen jarraibide horiek jarraituz lortu zituzten errendimendua eta sasoi puntua. Gizakia eta kirol-errendimendua zeharo konplexuak dira, eta emaitza horien aurrean deigarria egin zait zeinen seguru esaten duten atleta eta entrenatzaile batzuek badakitela euren entrenamenduetarako errezetarik onena zein den. Ikerketaren emaitzak ikusita esan daiteke oso adierazpen ausarta dela.

Jakitun naiz hausnarketa hauek oso pertsonalak direla eta ez dituztela aseko errezeta edo aholku zehatzak bilatzen ari direnak, baina komenigarria iruditu zait zuekin elkarbanatzea, izan ere, umiltasun osoz esan nahi dizuet kritikoak izan behar duzuela oso indartsu iristen zaizkizuen mezu mediatikoekin. Ez iezaiozue eman kreditu guztia ariketa eraginkorrenei, ariketa osoenei, aldian behin aurkikuntza berriak iragarriz iristen diren modei, maila goreneko kirolarien aholkuei, hobekuntza izugarriak iragartzen dituzten kirol-marka ezagunetako “aparatuei”, arrakasta ziurtatzen duten entrenatzaile eta “guruei”, ezta zuek zeuok ateratzen dituzuen ondorioei ere.

Baliteke transmititzen ari naizena nahiko ezkorra izatea, baina ez dut horrela izaterik nahi. Zorionez, edo, zoritxarrez, gizaki modernoak bere gaitasun fisikoa gutxituz ikustean, tarte handia dauka gaitasun horiek hobetzeko. Pertsona gehienek ez lukete sinetsiko zentzuzko entrenamendu egoki eta progresibo batekin zer lortzeko gai izango liratekeen. Nahi dudana da gure horizontea pixka bat zabaldu eta molde batzuk apurtzea.

Besarkada bat denoi… eta apur ditzagun moldeak!!

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com