Ultratrail bat prestatzeko erabakia hartzen duten kirolari askoren kasua da, nahiz eta lehendik beste kirol-diziplina batean aritu edo mendi-lasterketetan (distantzia motzagoetan) ibilitakoak izan, beharrezkoa ikusten dutela entrenatzaile baten esku jartzea euren prestakuntza, entrenatzailea izan dadin beren prestakuntza gidatuko duena, eta, modu horretan,  bermatzea beren entrenamenduetan emandako ordu guztiek bide onetik daramatzatela.

Nire ustez, ultratrail baten prestakuntza ez da ustez hasiera batean prestatzeko errazagoak diruditen beste proba batzuk bezain zaila, ezta zorrotzagoa ere (pentsatzekoa da gustatzen zaiguna egitea gutxiago kostatzen zaigula). Jakina, beste edozein mendi-lasterketa mota edo beste kirol-diziplinetan bezala, ezagutu egin behar dira gutxieneko eskarmentua duen entrenatzaile batek jakin beharko lituzkeen ultratrailen eskakizunak, bai fisiko/fisiologikoak, bai mota honetako probak baldintzatzen dituzten beste hainbat aldagai ere. Zalantzarik gabe, norberak duen eskarmentua eta beste pertsonek eman diezaioketena (entrenatzen dituen atletek, adibidez) faktore klabea bihurtzen da.

Hori izan daiteke, agian, entrenamenduen alor honetan autodidakta dena bere prestakuntza propioaz ez arduratzearen arrazoia. Ez mota honetako probei dion errespetu edo beldurragatik, baizik daukan informazio eskasiagatik (mundu guztiak ia edozer gauzari buruz asko dakien beste espezialitateekin konparatuz). Izan ere, nahikoa eskarmentu eta informazio faltak segurtasun eta konfidantza eza eragin dezake kirolariarengan ultratrailerako autoentrenoarekin hasteko unean. Eta hori, kirolari hori lehendik  beste espezialitateren baten autoentrenatzaile izanik eta, segur aski, maila onean ibilia.

Ez naiz ni izango entrenatzaile bat edukitzea beharrezkoa dela esango duena. Agian, zintzoki ausartuko nintzateke esatera entrenatzaile bat laguntza handia izan daitekeela beren prestakuntzako urratsak zuzenak ote diren zalantzak dituztenentzat. Baina, bestalde, zera gustatuko litzaidake azpimarratzea: entrenatzaile batek bere aginduetara jartzen den edozein espezialitateko kirolaria zuzentzeko eskarmentua eduki behar badu, eskarmentu horrek are garrantzia handiagoa hartzen du hain diziplina berria den ultratrailean (oraindik ikertzeko eta ezagutzeko asko falta den kirola). Edozein kasutan, nahiz zure kontura entrenatu, nahiz munduko entrenatzailerik onenarekin entrenatu, gustatuko litzaidake aholku bat ematea.

Nire asmoa da oraingo honetan zuei ikusaraztea zuek zeuok informazio garrantzitsuaren iturri zaretela, eta informazio hori zuzen interpretatu eta erabiltzen asmatzen baduzue, horixe bera izan daitekeela zuen “aliatu” nagusiena. Entrenamenduarekin lotutako( prestakuntza fisikoa, kirol-errendimendua…)  edozeri eskaintzen diodan denbora horretan guztian, egunero dagokit arlo honekin lotutako ikerketa ugari irakurtzea. Ziurta diezazueket zientziak pixkanaka aurrera egin arren, oraindik kontraesan handiak daudela entrenamenduarekin lotutako gai askotan, esate baterako, elikaduran, materialaren inguruan, errekuperazio neurrietan, entrenamendu metodo edo estrategietan eta baita lehiaketa estrategietan ere.

Kontraesan horiek baloratzen hasi gabe, esan nahi dudana da oraindik asko falta dela ikertzeko eta etengabe agertzen ari direla ikerketa berriak urteetan zehar erabat  ziurtzat jotzen ziren hainbat entrenamendu eta errendimendu printzipio ezbaian jartzen dituztenak.  Horri gehitzen badiogu ikerketa horietatik ateratzen diren azken ondorio asko laburtzen direla esanez  kirolari bakoitzak erreakzio desberdina duela metodo eta praktiken aurrean, oinarrizko faktore bihurtzen dira norbere eskarmentua eta antzeko probetan aurrez izan dituen bizipenak.

Iritsi nahi dudan puntua da zuei ikusaraztea irakurtzen duzuen entrenamenduari buruzko  edozein blogek, artikuluk, ikerketa zientifikok edo ematen dizkizueten aholkuek ez dizuetela emango zuen eskarmentuak emango dizuen ezagutza mailarik. Orain eskatzen dizuet kasu honetan jarrai ditzazuela aholku hauek, uste baitut lagun zaitzaketela ez azken aste hauetan bakarrik, baizik baita etorkizunean ere.

Has zaitezte eguneroko bat eginez (diarioa). Izan daiteke agenda batean edo ordenagailuko softwarean (gaur egun mota askotakoak daude merkatuan), non apunta ditzakezuen egindako entrenamenduari buruzko xehetasunak

  1. Idatzi egunero egindako kilometro kopurua, emandako denbora, pilatutako desnibela, entrenamendua egiteko lekua edo egindako ibilbidea, bihotz maiztasuna eta baloratu1-10 bitarteko eskala batean egindako esfortzuaren intentsitatea. Ez ahaztu entrenamenduan zehar gertatutako edozein gertakari idaztea (mina edo molestiaren bat, tenperatura altua…)
  2. Idatzi egunero eginako lo-ordu kopurua.
  3. Apuntatu egunean zehar nahiz entrenamenduan zehar jan eta edan duzuena (baldin eta horrela eskatzen badu entrenamenduaren iraupenak zein intentsitateak).
  4. Jakina, garrantzia handiagoa hartzen du informazio horrek guztiak parte hartzen duzuen proben aurreko egun edo asteetan

Jakitun naiz egunero egunero informazio hori guztia jasotzea zaila bezain nekagarria gerta daitekeela, baina ez da hainbesterainokoa entrenamendu garrantzitsuak edo lehiaketak egiten dituzuen garai zehatz horretan egiten baduzue. Sistematikoki egitera ohitzen bazarete, izugarria izango da denboraldi bat igaro ondoren edukiko duzuen informazio iturria, eta arreta jartzen badiozue, informazio benetan garrantzitsua emango dizue edozelako blog edo ikerketa zientifikok inoiz emango ez dizuena.

Informazio horrek guztiak hasiera batean konplexua dirudien arren, lagundu egingo dizue etorkizunean hartu beharreko erabakiak hartzen. Hartu beharreko erabakiak dira zein entrenamendu saiok eragiten dizkigun onurarik handienak (intentsitatea, iraupena, maiztasuna…), zein entrenamenduk iritsaraziko gaituen gure sasoi punturik onenean lehiaketa batera, nola elikatu eta hidratatu proba eguna baino lehen eta proba egunean bertan, zein elikagaik kalte egiten digun, ze kopurutan…

Gainera, ondoriozta dezakezue zein maiztasun kardiako (frecuencia cardiaca ) eraman behar duzuen lasterketa egunean edo bereziki igoera zati konkretu batzuetan. Horrez gain, informazio askoz ere gehiago atera dezakezue zuen apunteetatik eta entrenamenduen ondorengo “feedback”etik, eta horrek guztiak denborarekin fidagarritasuna eta eraginkortasuna irabazaraziko dizue.

Jakina, entrenatzailea badaukazue, informazio hori guztia zuen entrenatzailearekin partekatzea, izan ere, eta berriro errepikatzen dut, informazio hori oso baliotsua izan daiteke zuen entrenatzailearentzat, prestakuntzaren norabidean aldaketaren batzuk egiten lagun baitiezaioke. Zenbat eta gehiago jakin zuen entrenatzaileak, orduan eta hobea izango da zuentzat prestatuko duen  plana.

Beraz, saia zaitezte ez izaten entrenamenduak automatikoki egiten dituzten makinak. Jarri arreta xehetasunetan, jaso itzazue eta ondoren aztertu eta partekatu zuen entrenatzailearekin. Asko ikasiko duzue zeuei buruz, baita zuen entrenatzaileak ere!

Osasuna!!

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com