Pultsometroarekin entrenatzen hasten diren mendi-lasterkariek sarri egiten didaten galdera da ea aldapa handiak igotzen hasitakoan, bihotz maiztasuna edo pultsazioak gehiegi ez igotzeko, ez ote den hobe korrika egiteari utzi eta oinez hastea. Eta oinez ibiltzeari buruz aritu nahi dut oraingoan. Gustatuko litzaidake azpimarratzea oinez ibiltzeak duen garrantzia mendi-lasterketetan, are gehiago ultratrail batean

Ziurtzat jotzen dut lerro hauek irakurtzen dituztenen artean “estralurtar” oso gutxi egongo direla ehunmilak eta g2hko ibilbide osoa korrika egiteko gai direnak  zatiren batean oinez ibili gabe.  Izan ere, tarte oso teknikoek, desnibel hain handiek eta proba horien distantzia oso luzeak ia ezinbestekoa egiten dute zati batzuk oinez egitea.

Bitxia egiten da oinez ibiltzea, errendimenduari eta emaitza ona lortzeari dagokionez, askotan faktore negatibo gisa hartzen dela ikustea. Esan daiteke proba batean  oinez ibiltzeak merezi gabeko “ospe txarra” duela. Badirudi, korrika egin daitekeen zatietan oinez joatea ahuleziaren edo porrotaren erakusgarri dela, baina hori ez da inondik inora ere horrela. Izan ere,  gure lasterketako intentsitate egokiena aurkitzen laguntza handia eman diezaguke noiz eta nola oinez egin behar den zuzen interpretatzeak.

wandering-the-path-1406137Zalantzarik gabe, korrika egiteko egokia den zati batean nekeagatik eta energia faltagatik oinez ibiltzera beharturik bagaude, hori ez da seinale ona izango. Garbi dago oso zaila dela proba hauetan lasterketa osoan zehar eramango dugun erritmo edo intentsitatea identifikatu eta hartzea. Ondorioz, ultratrail bateko sailkapenak, denbora partzialak, lasterketa-erritmoak eta intentsitate-mailak begiratzen baditugu, oso zaila da aurkitzea bere erritmoa proba guztian zehar mantentzea lortu duen korrikalaririk. Lasterketako une zehatz batetik aurrera (zenbat eta hobeto entrenaturik egon, orduan eta beranduago) ia partaide guztiak behartuta egoten dira lasterketa hasieran korrika aise joango ziren ibilbide zatietan oinez ibiltzera.  Une hori izaten da oinez ibiltzea inpotentzi, ahulezi, frustrazio eta porrot bihurtzen denekoa. Dena den, erritmoaren jaitsiera logiko hori ez da gure errendimendua kaltetzen duen faktore bakarra. Norbait indar faltagatik oinez ibiltzera beharturik dagoenean, indar falta horrek oinez ibiltzean daramagun abiadura bera ere kaltetzen du. Izan ere, pausu bizian eta adoretsuan ibiltzen garenean baino erritmo mantsoagoa eramango genuke. Gainera, eta martxoko sarrerarekin lotuz, porrot edo frustrazio sentipen horrek kalte egingo dio gure esfortzuaren pertzepzioari, eta horrek handiagotu egingo du gure nekea.

Ikuspuntu honetatik begiratuta, badirudi oinez ibiltzea ez dela korrikalariaren lagunik onena, baina, nire ustez, baliabide oso garrantzitsua da lasterketako edo entrenamenduko  erritmoa eta intentsitatea egoki kudeatzeko. Oinez ibiltzeak ez du izan behar aurrera egin eta helmugara iristeko azken baliabidea. Izan ere,  egoki erabiltzen asmatzen badugu, energia erreserbak  emango dizkigu lasterketaren amaieran edo lasterketa guztian zehar. Entrenamenduak arrasto asko emango dizkigu 10, 15, 20 edo 25 ordutan eraman ahal dugun erritmoari buruz.

Jabetzen garenean hezur-haragizkoak garela,  eta ikusten dugunean lasterketa osoan zehar korrika egiteko erritmorik ezin dugula eraman, zehatz aztertu behar dugu  probaren ibilbidea  eta xehetasunez zehaztu jarraitu beharreko taktika. Oinez ibili beharko dugu zatirik teknikoenetan edota aldaparen gogortasunak esfortzu handiegia eska diezagukeen lekuetan. Izan ere, askoz errentagarriagoa da aldapa gogorretan oinez erritmo bizian joatea, korrika joateak egindako esfortzua ondoren ordaintzea ekar baitiezaguke. Ikertzaile italiar eta ipar-amerikarrek oraintsu lehiatutako  km bertikal batean egindako ikerketa baten arabera, korrikalari baten kostu metabolikoa handiegia izaten hasten da 16 gradutik gorako aldapetan oinez ibili beharrean korrika joaten bada. Energia aurrezte hori pausuaren maiztasunak eta ibiltzean eramandako angulazioak eragiten dute. Beraz, kontu handia izan behar dugu aldapa pikoetan korrika egitearekin, horrek dakarren gastu energetikoak  kostu handiegia eragingo ligukeelako epe ertain-luzera.

Honen harira, egin ez duzuenok gonbidatzen zaituztet proba egitera,  lehenik korrika igoz (ahal dutenek) 20-30 minututako aldapa gogor bat (kronometratuta), eta, ondoren, aldapa hori bera oinez erritmo bizian (baina ez ito beharrean). Agian, ezustekoa jasoko duzue ikusten duzuenean bi denboren arteko diferentzia. Jarri balantzan bi igoeretan  egin beharreko esfortzua eta izandako emaitza, eta, segur aski, horrek lagundu egingo dizue erabaki zuzenak hartzen.

Azkenik, gustatuko litzaidake esatea oinez kementsu eta eraginkor ibiltzea ere entrenatu daitekeela. Egin  itzazue zatiak oinez zuen entrenamenduetan, nahiz eta horretarako behar berezirik ez izan. Ez dute zertan oso luzeak izan, nahikoa baita arnas pixka bat hartzeko aukera ematearekin. Sendo eta erritmo egokian oinez egin, eta aldaparik pikoenetan makurtu aurrera zuen gorputza. Modu horretan, erraztu egingo duzue odola eta oxigenoa gorputzeko organo guztietara iristea, eta horrek bihotz maiztasuna jaitsaraziko dizue.  Probatu eskuak izter gainetan jartzen alferrikako beso mugimenduak ekiditeko eta gorputzari egonkortasuna emateko.

Oinez ibili beldurrik gabe eta pentsatuz onena egiten ari zaretela, eta prest egon lasterketa egunean ere gauza bera egiteko. Ez zaitzatela ezustean harrapa. Oinez ibiltzeko prest ez bazaudete, kosta egingo zaizue onartzea eta modu txarrean eragingo dizue.

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com

Twitter:@Mitocondrion

Irudia: “FreeImages.com/skyro.”