Atleta eta entrenatzaile gisa, ezarri behar dugun helburuetako bat da ahalik eta gehien gutxitzea gure errendimendua kaltetu ditzaketen arriskuak. Izan ere, arrisku faktore horiek  pikutara bidal dezakete hilabeteetako prestakuntza eta gure benetako gaitasuna zein den erakustea galarazten digute.

Lehiaketa aurretik egindako tapering edo doitze on bat, lasterketa aurreko eta ondorengo hidratazio eta elikadura egoki bat, eguraldiaren baldintzetara eginiko egokitzapenak, lehiaketa ordutegietara ohitzea, egoera psikologiko orekatua edukitzea eta abar giltzarriak diren faktoreak dira, eta ahal den neurrian kontrolatu behar ditugunak baldin eta gure onena eman nahi badugu.

Lehiaketa bat norberak nahi bezala ateratzen ez denean, bilakaera edo prozesua ebaluatzen saiatzen gara, eta argitzen saiatu. Nahiz eta erraza ez izan, prozesu horren azterketa zehatzak aldez aurretik hutsalak diruditen hainbat xehetasun argitu diezazkiguke, zeintzuk garrantzia handia izan baitezakete emaitza jakin bat ulertzerako orduan.

Espero baino maila baxuagoa eman izanaren arrazoiak aurkitzea uste baino askoz ere konplexuagoa izan daiteke, hainbat faktore daudelako gure kontroletik eta ulermenetik at. Gure organismoa ez da tailerrera azterketa sakon bat egin eta akatsa aurki diezaioten  eraman dugun auto zahar bat bezalakoa. Giza gorputzaren kasuan, batzuetan susmatu dezakegu errendimendu baxu horren arrazoia, baina egon al gaitezke  ziur zerk huts egin duen eta benetako arrazoia aurkitu dugula?

Ariketa fisikoari lotutako karranpa-muskularrak %100  kontrola ezin ditzakegun faktore horietako bat dira. Gihar edo muskuluaren oharkabeko kontrakzio mingarri hauek ariketa fisikoak dirauen bitartean eta ondoren ere gertatzen dira, eta gehiago edo gutxiago kirolari askori eragiten diote. Karranpa horiek hilabetetako entrenamendu bikainak pikutara bidaltzeko gai dira, nahiz eta denbora tarte horretan guztian  xehetasunik txikiena ere zaindu. Karranpak arazoa eta eragozpena dira, eta kirolari askorentzat larriak eta frustagarriak izatera irits daitezke. Muskulu-karranpa hauen etiologia oso konplexua da, eta jokoan faktore asko sartzen dira, hala nola, dieta, hidratazio-maila, ariketa fisikoaren iraupena eta intentsitatea, loaren kantitatea eta kalitatea…

Beroa indartsu sartu zaigu gure inguruan, eta datozen hilabeteetan indar gehiagoz edo gutxiagoz eragina izango du kanpoan entrenatu eta lehiatzen duten kirolariengan. Agintariak euren kanpaina egiten hasiko dira gizarteari beroaren aurrean hartu beharreko neurriak azalduz, hots, tenperatura altuetan ariketa fisikoa egiteak dakartzan kalteak aipatu eta horren aurrean ongi hidratatu eta egunaren erdi aldeko orduetan ariketa fisikoa ez egitea aholkatuz. Hori dela eta, askok erabakiko dute egunaren lehen orduetan edo azken orduetan entrenatzea, beste batzuek gimnasio edo leku itxietan aire-girotua jarrita entrenatuko dute, eta gainontzekooi ez zaigu beste erremediorik geratuko bisera bat jantzi eta  borroka lekura irtetea baino.

Zalantzarik gabe, beroaren iritsierarekin karranpa hauen agerpena sarriagoa izaten da. Uste dut ados egongo zaretela nirekin esateko karranpa horiek gertatzeko arrazoirik zabalduena likido galera, desoreka hidrikoa eta elektrolito gabeziari lotutakoa dela. Gehigarri eta kirol-edari konpainiek aurkitua dute gonbidatu desatseginak diren karranpa horiei aurre egiteko  edari egokiena. Baina izerdi bidezko likido galera hori al da ustekabeko karranpa horien arrazoia? Zergatik jarraitzen dugu karranpak gertatzearen errua likido galera horri leporatzen, nahiz eta lehiaketan zehar hartutako likido eta mineral kantitatea egokia izan dela ondorioztatu?

Ez da hain erraza. Oroitzen dut maila oneko txirrindulari baten kasua, izan ere, karranpek etsitzeraino eragiten zioten. Kalkulatu eta neurtu genituen bere izerditze maila, likido galera baldintza ezberdinetan eta lehiaketaren antzeko baldintzetan, probatu genituen hidratazio estrategia desberdinak eta baita arazo hau konpontzeko bereziki aholkatutako “produktu miragarriak” ere. Baina, zoritxarrez, dena ez zen hain erraza izan eta arazo honek galarazi egin zion kirolari honi bere benetako maila ematea eta garaipena lortzea lasterketa oso garrantzitsuetan. Adibidez, atzamarretan izandako karranpek esprintean jarlekutik jaikitzea galarazi zioten eta aldagailua normal erabiltzea ere bai.

Espasmo muskular horiek buruhauste handia suposatzen dute, eta benetan etsigarria da entrenatzaile gisa  karranpak agertu eta horrek kirolariari eragoztea bere benetako maila ematea. Baina zer dakigu benetan karranpei buruz? Zer diosku zientziak honi buruz? Esan genezake zientziak oraindik ezin izan duela guztiz argitu zergatik gertatzen diren karranpa muskular horiek,  baita sasoi puntu ezin hobean dauden pertsonengan ere. Laburtuz, eta zuek ez aspertzeko, esan genezake ebidentzia enpirikoa haziz doan heinean, gero eta argiago dagoela bi kategoria desberdin daudela ariketari lotutako karranpa muskularretan.

Izerditze maila altuak eta dietan elektrolito gutxi hartzearen ondorioz sortutako elektrolito gabeziak eragin lezake likido interstizialaren konpartimentuaren kontrakzio bat, eta ondorioz, karranpa orokortuak eragin, baita muskuluetako gainkarga eta nekea txikiak direnean ere.

Baina ez gaitezen hain azkar joan, izan ere, badaude karranpa horien arrazoiei buruzko beste hipotesi batzuk. Neke muskularraren hipotesiak iradokitzen du karranpa horiek ariketaren ondorioz sortzen den nekeari erantzuteko bizkar hezurrean kontrol neuromuskularrean gertatzen den anormaltasun baten ondorio direla. Hipotesi hau oinarritzen da ariketaren ondorioz nekatutako muskuluetan gertatzen diren karranpa akutuen inguruan dauden datu esperimentaletan.

Nahiz eta ur zein gatz mineralen oreka eta errekuperazioa ahotik hartutako gatz soluzioen bidez lortzea estrategia egokia den asko izerditzearen ondorioz sortzen diren karranpei aurre egiteko, nire ustez ezin dugu baztertu arazo horren arrazoi nagusia ariketa egin aurretiko muskuluen neke arin bat  izatea, batez ere,  iraupen luzeko erresistentzia probatan, non nagusi diren  intentsitate ertain-altuko muskulu kontrakzioak. Uste dut benetan garrantzitsua dela  ahalik eta ondoen prestatzea eta egokitzea entrenamendu bidez eta modu oso espezifikoan aurre egiteko datorkigun proba horri. Aipatu kontrakzio horiek antzeko edo baldintza berdinetan gerta daitezela, eta entrenamendu bidez neke muskularra atzeratu eta gutxitzea lortu. Erraza ez?

Esan nahi dudana da batzuetan daukadan sentipena dela , nahiz eta batzuetan entrenamenduak egokia dirudien, albo batera utz ditzakeela diziplina horren alderdi espezifikoak, eta alderdi horiek guk pentsa dezakeguna baino paper garrantzitsuagoa eduki dezaketela.

Karranpak muskuluaren laburpen fasean gertatzen direnez, muskulu horren luzaketa egiteak leundu egin dezake egoera. Luzaketa mingarria izan daiteke, baina mina eta molestiak arintzeko modurik azkarrena da. Mindutako aldean masajea emateak lagundu egin dezake egoera hobeto eramaten. Badaude ikerketak ozpina eta sandia zukuak ere karranpak izateko aukerak gutxituko lituzketela diotenak. Zuei dagokizue probatzea.

Zoritxarrez, ezin dizuet eman karranpen aurkako sekretu miragarririk, eta  hain ohikoa den zerbaiti buruz argi gehixeago eman nahi dut. Izan ere, gehienek karranpak justifikatzen dituzte oso sinpleak diren esaldien bidez, esaterako, “gehiegi izerditu dut”, “deshidratatu egin naiz” edo “ez dut behar adina edan”.

Nik beste bat aipatuko nuke… “ Benetan nengoen nahikoa eta behar bezala entrenatuta karranpak ekiditeko?”

Beraz, badakizue, asko edan behar duzue, baina, batez ere… inteligentziaz entrenatu!

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com

Twitter:@MitocondrION