Beste urte batez eskerrak eman nahi dizkiot proba bikain honen antolakuntzari , beste behin (dagoeneko 6 urte!) niregan jarri duten konfiantzagatik. Horrela bada, aukera izango dut zuekin guztiokin atal honen bitartez prestakuntza eta errendimenduari buruzko hainbat alderdi partekatzeko. Beti bezala, saiatuko naiz hitz egiten proba honetan edo beste batzuetan zuek erabaki egokiak har ditzazuen lagunduko dizueten aspektuez. Era berean, izugarri eskertuko nituzke zuen partaidetza eta merezi duela iruditzen zaizuen edozein gairi buruzko iradokizunak.
Euri asko egin du 2007an ultratrail ospetsu baterako lehen aldiz korrikalari bati laguntzeko aukera izan nuenetik. Hark aukera paregabea eman zidan mota honetako probez gehiago jakiteko eta mundu honetarako prestaketa ikasteko.
Ez dago zalantzarik 9 urte hauetan gure inguruan mendi lasterketen kopuruak sekulako gorakada izan duela, eta lasterketa horiek distantzia, zailtasun tekniko eta desnibel metatu desberdinak dituztela. Lasterketa horietako batzuk ikono bihurtu dira mundu mailan, eta beste batzuk, nahiz eta oraindik berriak izan, oso indartsu sartu dira. Ez dut uste oker nabilenik, proba hauetako partaidetza gero eta handiagoa ikusirik, esaten badut mota honetako probak adiktiboak direla.
Urte hauetan guztietan mundu honetan hasi nahi duten korrikalariek gehien planteatu didaten galdera izan da ea nahikoa prestaturik ote zeuden maila eta exijentzia honetako erronka bati aurre egiteko.
Kasu hori errepideko probetara eramango bagenu, izango litzateke hasi-berria den atleta batek, eskarmentua hartzeko hainbat 10 kilometroko (ohiko distantzia) eta maratoi-erdi ongi egin ondoren, bere lehen maratoia egiteko aukera planteatzea. Eta denok dakigu maratoia gaur egun distantzia “erregina” dela.
Ez da oso ohikoa asfaltoko korrikalariak maratoia egitera ausartzea aurrez distantzia laburragoko probak egin eta probatu gabe. Esan dezagun, aipatu berri dugun progresio hori dela “logikoena”. Kontuan hartu beharreko beste datu bat da errepidean badaudela maratoia baino distantzia luzeagoak diren beste distantzia batzuk ere (100km, 100miliak…), baina badirudi proba horiek ez dutela arreta berezirik erakartzen ohiko korrikalariengan, eta ez dirudi epe motzera hazkunde handirik izango dutenik .
Dena dela, ez dirudi gauza bera gertatzen denik asfaltotik mendi-lasterketetara igarotzen bagara. Izan ere, deigarria egiten da zenbat korrikalari ausartzen diren pàrte hartzera zailtasun zein exijentzia maila izugarria eta gero eta iraupen handiagoa duten ultradistantziako probetan. Hori gutxi balitz, ez dira korrikalari gutxi zuzenean ultratrail batean parte hartzera ausartzen direnak, aurrez distantzia laburragoko probetan “beharrezkoa” litzatekeen gutxieneko eskarmentua hartu gabe, hau da, esan genezake euren mendi-lasterketetako estreinaldia ultratrail batekin egiten dutela.
Hala ere, badago beste hainbat korrikalari mota honetako proba bat egiteko gai izango ote diren galdetzen dutenak, eta zalantza egiten dutenak horrelako proba bat egin ahal izateko behar adina prestaturik ote dauden.
Idatzi hau batez ere eurei zuzenduta dago, hots, kuriositatea sentitzen dutenei, horrelako proba batez beste norbaiti zerbait entzutean barnean kilima berezia sentitzen dutenei eta euren eguneroko lan, estres eta errutinatik ateratzeko ihesbidea behar dutenei.
Uste dut gizakiok berezko nahia izaten dugula geure esperientziak elkarbanatzeko eta noraino irits gaitezkeen frogatzeko. Duela gutxira arte, maratoiak izaten ziren gure mugak markatzen zituzten langa, baina jadanik utzi diote helburu garrantzitsuena izateari.
Ultratrailetako korrikalariak ez dira “supergizonak”, ustezko mugetatik haratago iristeko gai izango diren jakin nahi duten pertsonak baizik. Korrikalari horien gehiengoak ez dauka kezka berezirik distantzia jakin bat burutzeko zenbat denbora beharko duen, izan ere, kronometroa ez da beharrezko herreminta, “iristea” baita beraien kezka handiena. Korrikalari horiek jakitun dira lasterketarako oinarrizkoak diren aspektuen garrantziaz, esaterako, nutrizio eta hidratazioa, erritmo eta indarren kudeaketa, materialaren ezagutza, metereologia eta ingurugiroaren ezagutza, mota honetako probek dituzten beste barne-elementuen ezagutza eta abar. Horrez gain, korrikalari horiek duten aliaturik handiena euren sendotasun mentala da.
Entrenatzaile gisa, ziurrenik, niregandik espero zitekeen aholkua, are gehiago jende askori zuzentzen natzaiola jakinda, arretaz eta zuhurtziaz jokatzea litzateke. Eskatu beharko nizueke zuen senari eta bihozkadei kasurik ez egiteko. Akademikoki zuzena den entrenatzaile batek aholkatu beharko lizueke lehenbizi distantzia laburragoak probatzea ,eta urratsez urrats pixkanaka maila desberdinak probatzen joatea harik eta ultratrail batean parte hartzeko adina eskarmentu hartu arte.
Dena den, EZ dut egingo. Eskarmentuak aurkakoa aholkarazten dit, edo, gutxienez, bide zuzenagoa, hainbeste bihurugune ez dituena. Bihozkada hori orain badaukazue, gogo edo kuriositate hori orain sentitzen baduzue, ez ezazue atzeratu!
Behar adina denbora eta ezinbestekoa den osasuna badituzue, jar zaitezte martxan eta ekin erronkari! Ez utzi datorren urterako, eskarmentu gehiago daukazuenerako edo lortuko duzuela ziur zaudeten arte. Baliteke orduan hain erronka erakargarria ez izatea edo orain asebeteko zaituzteten adina ez asebetetzea. Agian, zuen osasuna ez da berdina izango edo zuen bizitzak bizkar emango dizue.
Agian bihar ez du egunik zabalduko…
Osasuna eta ekin erronkari!
Jon Aranburu