Gaian sartu aurretik gustatuko litzaidake beste behin eskerrak ematea ehunmilak probako antolakuntza taldeari urte bat gehiagoz (dagoeneko 5 urte dira!) niregan jarri duten konfidantzagatik. Prestakuntza atal honen bidez hilero nire ekarpentxoa egiten saiatuko naiz entrenamendua eta mota honetako proben prestakuntzaren inguruan.

Bitxia da nola aldatu diren gauzak azken urte hauetan. Duela bost urte proba honetako partaide gehienek euren buruari egiten zioten galdera zen proba honetan parte hartu eta amaitzeko gai izango ote ziren. Gaur egun, garatuz eta jarraitzaileak lortuz doazen beste kirol diziplina batzuetan gertatzen den bezala, helburuak gero eta handiagoak eta zailagoak jartzen dira, eta kasu askotan helburu horiek ez dira mugatzen proba amaitzera bakarrik. Izan ere, erronka proba edo lasterketa denbora zehatz baten barruan amaitzea izaten da, eta horrek asko handitzen du norberarekiko exijentzia maila. Datorren uztaileko ehunmilaken parte hartuko duten askok partaidetza ugari izan dituzte proba honetan bertan, eta horrek benetan baliotsua den eskarmentua edo esperientzia hartzea ahalbidetu die.

Ukaezina da urtarrila data garrantzitsua dela egutegian ehunmilak proba prestatzeko abiapuntua jartzerako orduan. Urte berria hasi da, eta badirudi askorentzat abiapuntu gisakoa dela proiektu, intentzio eta erronka berriei ekiteko. Bitxia da, baina festa, oturuntza eta nahasketa ugari egin ondoren, asko eta asko eguneroko bizimodu arruntera itzultzeko desiratzen daude, eta hurrengo hilabeteetan beren bizimoduak markatuko dituen prestakuntzari ekiteko gogoz.

Iritsi da ordua egonezinak argitu  eta erronka berriei ekiteko ideia horiek erabaki bihurtzeko. Finean, iritsi da ordua planak egiteko, ondoren erronkei aurre egin ahal izateko. Iritsi da planifikatzeko edo prestakuntzarako ordua.

Lehenik eta behin, esan beharra dago prestakuntza egoki batek ez duela kirol-arrakastarik bermatzen, baina bai arrakasta horretara gerturatzen. Edozein kirol-probak planifikazioa eskatzen badu, are gehiago ezaugarri hauetako proba batek, kontuan hartzea eskatzen duten hainbeste baldintza edukita. Hala ere, garbi uztea gustatuko litzaidake planifikazio on batek ez duela zertan oso zorrotza izan. Egutegian aurkitzen garen garai honetan ezinezkoa da kalkulatzea edo aurrikustea proba honetarako prestakuntza baldintzatuko duten hainbat faktore, baina une egokia da gure prestakuntza oinarrituko den hainbat zimendu jartzeko. 

Entrenamenduari dagokionez, alderdi hauen inguruan pentsatzen hasi beharko dugu:

Erabaki egin behar dugu gure sasoiak edo gaitasun espezifikoak zein bilakaera izan behar duen proba horretan jarri ditugun helburuak ahalik eta ondoen betetzeko. Gure gaitasuna pixkanaka eta modu linealean hobetu nahi dugu? Edo gure prestakuntza diseinatuko dugu sasoi-puntu ezberdinak izateko moduan? Kasu horretan gure sasoi-puntuak gorabeherak izango lituzke beste helburu edo proba bat baino gehiagotan parte hartzeko asmoa edukiko genukeelako. Horrela bada, ongi pentsatu beharko dugu zenbat sasoi-puntu ezberdin izan nahi ditugun (probaren egunerarte dauden 27 asteek bat baino gehiago lortzeko aukera emango ligukete).

Kontuan hartu beharreko beste alde bat da proba gehiagotan parte hartuko ote dugun, zeintzuetan eta zein helbururekin. Lasterketen egutegia gero eta zabalagoa da, eta horrek aukera ematen du helburu nagusia iritsi bitartean eta bera prestatzen lagunduko liguketen bigarren mailako beste lasterketa batzuetan parte hartzea. Beste proba batzuetan parte hartzeak ordura arte egindako entrenamenduek gure sasoian izan duten eragina ikusten lagun diezagukete, eta horren arabera, egindako akatsak zuzendu ditzakegu edo entrenamenduetan aldaketak egin. Gainera, proba hauek balio izugarria duten eskarmentua eta prestaketa emango digute, eta aukera paregabea dira helburu nagusi horretan erabiliko ditugun estrategiak praktikan jartzeko ere. Logistika aprobetxatuz, bigarren mailako proba hauen iraupen osoari gehitu bolumen gehiago ( beti ere proba hauen iraupenaren arabera), ahal izanez gero proba hasi aurretik orduren bat edo beste gehiago eginez. Horrek guztiak kalitate handiko saioak egitea ahalbidetuko digu.

Planifikatu egin behar dugu astero zenbat ordu (bolumena) eskaintzeko prest eta eskainiko dizkiogun gure entrenamenduei. Baita zuen entrenamendu luzeenei eta espezifikoenei zenbat ordu eskainiko dizkiezuen ere. Ohartu bazarete, orduei buruz ari natzaizue, eta ez kilometroei buruz. Izan ere, kilometroen kontzeptua guztiz desitxuratuta gelditzen da horrelako entrenamenduetan. Oinez (eta ez korrika) ibiltzera behartuta egongo zareten denborak eta metatutako desnibelak, kilometroak zuetako asko ohituta ez zaudeten abiaduran egitera eramango zaituztete.

Garrantzitsua da entrenamendu luze eta espezifiko hauek egingo dituzuen datak aurreikustea eta denboran zehar ongi banatzea, modu horretan behar beste denbora izan dezazuen entrenamendu batetik bestera errekuperatzeko. Ziurtatu egin behar dugu ahal den neurrian entrenamendu saio hauek ahalik eta faktore gehien alde ditugun egunetan egitea (logistikan laguntza edukitzea, saioan zehar konpainia edukitzea…) Gogoan hartu atsedena (batzuetan ahaztu egiten duguna) gure laguntzailerik onenetarikoa dela, eta berebiziko garrantzia daukala horrelako proba batean, non karga handia suposatzen duten saioak egin behar baitira.

Interesgarria litzateke gehien komeni zigun entrenamendu-mota ere  planifikatzea, probaren ibilbidea eta ezaugarriak ongi aztertu ondoren. Probaren iraupena zenbatekoa izango den ahalik eta zehatzen kalkulatu behar dugu. Izan ere, probak izango duen iraupena kontuan hartuta, jeisten edo igotzen nahiz ibilbide lauan edo erdi-lauan erabiliko dugun denboraren portzentaiak atera behar ditugu, eta portzentaia horiek kontuan hartu gure entrenamenduak prestatzeko orduan.Era berean, kontuan izan gauez ilunpean egin behar duzuen proba zatiaren iraupenak hartzen duen portzentaia zuen entrenamendu espezifikoak egiteko, eta baita proba zati horren ordutegia ere. Saia zaitezte zeuen barneko erloju biologikoa programatzen.

Oraindik oso goiz eta zaila izan arren, beste alderdi interesgarri bat lasterketako estrategia pentsatzen joatea da. Ibilbidearen azterketak lasterketa errutina bat prestatzen lagun diezaguke. Horrez gain, beharrezkoa da “eremuaren ezagutza”. Proba jokatuko den lekutik gertu bizi direnek zalantzarik gabe abantaila izango dute, asko mugitu beharrik gabe probaren ibilbideko zati ezberdinetan entrenatzeko aukera izango baitute. Hain erraz ibilbidera gerturatu ezin duzuenoi aholkatuko nizueke, ahal duzuen neurrian, astebururen bat edo beste probaren ibilbideak igarotzen duen ingurunean pasatzeko planifikatzea. Modu horretan ibilbidea eta bertan ezkuta daitezkeen “enboskadak” ezagutu ahal izango ditugu.

Aurre egin behar diozuen proba horren gutxi gorabeherako argazkia lortzen duzuenean, zuen entrenamendu saioak zehatzago prestatu ahal izango dituzue, eta saio horietan faktore desberdinek izango duten pisua hobeto neurtuko duzue.

Jakitun naiz ez dela erraza, baina zuen entrenamendu zail eta luzeenak egiteko (edo zati batzuetan laguntzeko) lagunak aurkitzeak eta izateak psikologikoki motibatuago egon zaitezten lagunduko dizue. Gainera, segurtasun handiagoz egingo ditugu entrenamenduak.

Gogoratu gakoa ez dela entrenamendu perfektua planifikatzea, aurre egin behar diogun proba horretarako ahalik eta egokitzapenik onena lortzea baizik. Beraz, unea da gure prestakuntzaren oinarriak planifikatzeko eta norantz bideratuko dugun erabakitzeko. Aurrerago izango dugu hitz egiteko aukera entrenamenduen eduki zehatzagoei buruz.

Bukatzeko, gogorarazten dizuet garrantzitsutzat jotzen duzuen edozein galdera edo iradokizun egin dezakezuela eta ahal den neurrian horiei erantzuten saiatuko naizela hurrengo idatzietan.

Urte berri on!!

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com